ZORTE ONEKO ESKUA

 

 

Artearen historia eta literatura irakaslea Hainbat gisatara hurbil daiteke eskultura batengana; baina, dena den, hurbiltzea da kontua. Begia izan daiteke joaten zaiona, argiaren bultzadaz obra inguratuz; ala eskua luza dakioke, tarteak neurtzeko edo esku-mamiaz materiaren ertzak marrazteko. Bazter orok erresistentzia eta erakarpena sortzen ditu, horretan datza hunkitzearen paradoxa osoa. Horregatik ditu, beharbada, Zigorrek, erakusten dizkigun pieza gehienak luzaz ferekatzen; gaztetan karrozeriagile doitzaileengandik eta Henry Moore-ren aingeru malguengandik (barnera begira dauden recicling figures obrengandik) jaso irakaspenak ageri zaizkio. Instintuz jokatzera deitzen gaitu, haurrak, maitaleak, ofizialeak eta itsuak bezala, instintuak baikaitu mundura bultzatzen, mundua hunkitzeko dugun nahikeria mugagabea adieraztera akuilatzen. Paisaietako ibiltaria izanki, jakina da tailerreko lan kementsuarekin batean – gubia eta trontza zerrarekin, zorrotzerrota eta soldagailuarekin, mailuarekin – azalera eta muntaketa jarduera anitzetan ere aritzen dela, amuarrainak harrapatzeko eulia prestatuko balu bezala: laster batean marraztu liburuxkak, uharrean zeta pausatzen den bezala; kolore agregatu malguak, dantzari xiberotarraren ziba ala Nafarroako mendi gain etzana airez harrapatzeko; harkaitz potretak, oroitzeko, artxibategi mugikorrean

atxikiak; edota osagai ttipi artikulatuak, egitura mahai gainean ezartzen dutenak, dena argiago agertzeko.

Bere lanen sorta aski handi bat ikusten duen oro segidan ohartuko da zizelkariaren berezitasunetako batez; hain zuzen, proposatzen duen partekatze dinamikoaz, solidoen egitura hemen, eta muntatu osagaien irregulartasun liluragarria hor. Badirudi zorteari uzten dion tokia – zorte oneko eskua – itsas ezponden nahasmenduak sortzen dion lilurak emana diola, baina giza eskuak dakarren bizi seinalearen armadura sekretua ere hor du. Zurezko hainbat piezak, platanondo argizkoetatik haritz errezkoetara, hezurdura baten masa artikulatua azaleren azal azpian jostarazten duen misterio horri ihardesten diote. Xibarta balea baten hondar deslotuek – neguan hondartzetan atzeman daitezkeen bezalakoek –, Ingresek erakargarritasun mugagabea dutela erakutsi digun odaliska baten ornoek, zoru zartatuetan barnako iturri baten ibilbideak, sasoia aspaldi bukatu eta belar azpian lo dauden baserriko tresnek, horiek guziek, eskultorearen eskuetan, eremu komuna sortzen dute, irudimen pribatu batekoa aldiz, noski, giza paisaia euskalduna; natura izengabearen formara eramaten gaituzte, etengabe.

Beraz, ez da kolorezko pintzelaren jestu bizirik, ez zurean zilatu txori hegalik, ez arroilek edo marrek zeharkatu metalezko blokerik, berregin beharko litzatekeen munduko osagai bat adierazten duenik; ezta osagai horietatik urruntzen ala desbideratzen denik ere. Irudia izan ala ez izan, koska ez dago hor.

Zigorren hastapeneko inspirazioetakoa izan zen Remigio Mendibururen txorian, Hondarribian pausatua den txori hartan, leialtasuna ageri da: obra zizelkatuak oinarrian duen masari dion leialtasuna; jestu sortzaileak askatu duen forma airatuak hastapeneko muntaketari, natur osagaiak, pisua, masa, bolumena, testurak eta uztarketak antolatzen dituen muntaketari dion leialtasuna. Hortaz, nahiz eta Zigorrek indar guziak egin zeinu irakurtezinak hedatzeko, bere marrazki guziek hainbat eta hainbat juntatze, isla, berpizte ekartzen dizkigute gogora, eskultura guziek gogora ekartzen diguten bezala sorbalda maitatu bat, itsas ezpondetako litamenduetako harkaitz jakin bat, Isturitze eta Ekain arteko harpe baten zintzurra, ontsa ezagutzen dugun etxe bateko ernai nagusiko arraildura, haurtzaroan gordetzearen eta aurkitzearen funtseko jokoa pizten zuen zirritu bihurria.

Joan den mendeko filosofiak munduaren haragia ezarri zuen ohoretan, baita bizitzako lehen unetik beretik esperientzia horri lotzen gaituen ukimenaren boterea ere. Zigor haptiko deitua izan den funtzio horretan oinarritzen da bere jakin-min mugagabea, bere nahiaren energia nabarmena gauzatzeko. . Gizakiak, gauzak eta ametsak batzen dituen lotura azkar bezain delikatu . horretan datza, idatzi zuenenez, hiru hamarkadetan bere lan guzietan dabilen lotura. Lotura jestuaren erotismoak, zizelkariaren indar praktikoak, marrazkilariaren tentazio biziak eta argazkilariaren berehalako mugimenduak bat egiten duten puntu zehatza ere bada, baita ere ala bereziki. Bere lehen bidelagunetako bat izan zen Paul Haïm-ek azpimarratu du Zigorren obra zinez lotua dela desiraren indar sakonarekin, eta, formak aske izanik ere, giza gorputzaren xarma eta dagokion zuhaitzaren, harriaren, iturriaren, tresnaren ala zurenganako lilura desegiten ez dituen munduaren haragiarenganako pasio ebidentearekin.

Airearen ibiliak begiradarena laguntzen du, azaleran eta dimentsioen baitan, ezin baita kolpe bakarrean harrapatu. Bilaketaren zati handi bat dagokio airearen ibiliari, hain zuzen; badirudi, kasik, obraren zati bat ispilu gisa sortua dela, ala alderantziz, hutsunearen ebidentziatik abiatuz. Metalezko bloke kubikoen gaineko lanak horren marka dakar, eskala harrigarrian,

hain justu ertaina baita, humanizatua, Ateen, eguzki-loreen ala bihotz zilatudun karduen, bikoteen mekanikaren segida gisa. Alabaina, erdiko hutsaren marka, hemen, huste aktibo eta nahitarakoa da, suz egina, kaiolar abandonatu baten zurezko estaldura hezurgabetua, lan-ildoxkadurez higatu gurpil baten abatza, zorrotzerrota abandonatua ala Bikote saileko arraren

eta emearen arteko doikuntza dituelua lekuko. Bloke masiboa animatzen duen markari dagozkion mugimenduak, bitxia iduri arren, ez dira suarenak, baizik eta urarenak, arroken mugimenduan sortuak, masa telurikoen presioak barnetik jalgiaraziak. Orogenia esperimental horrek, blokeak elkartzen direlarik, misterio efektu ezin harkorragoa sortzen du. Begia zeinu baten bila dabil, piramide edo erosten harresi baten glifo baten bila; alta, hutsunea baizik ez dago, bitarte baten ibilbide bihurria, esku baten jakin-min zoriontsu, ahalkegabearentzat sortu zirritua.

 

« Ekintzan kontenplatzen », idatzi zuen Henri Michaux margolari eta poetak. Hain justu, forma hauetako gehienek daramaten tentsioaren neurria ematen du formula horrek. Zigorrek leuntzen du, marratzen, emokatzen, marrazten, patarreko bidean zutik; euli-arrantzan ibiltzen da, errekarri lerrakor batean; Goya gogoratzen digun borroka-plaza zeinu dinamikoz estaltzen

du; jendetzaren ala kontrakoaren argazkiak etengabe hartzen; soldatzailearen maska janzten du, ala aizkora, ala mailua, pasio isil eta tematsuz, eta bakarkako lan horrek isiltasunari tokia uzten dio, erakusketaren muinean berean.

 

Pierre Vilar