Biografía

Sorterria, militantzia eta idazketa

Kepa Akixo 1947an sortu zen Gipuzkoako mendietako herri txiki batean. Haur bihurria zen eta eskola ez zuen hain gustukoa. Hamaika urterekin Saturrarango apaiztegira joatean, ozeanoa eta Bibliako testuak deskubritu zituen. Urarekin eta idazki sakratuekin; beren izaera metafisikoarekin eta sakonerarekin izandako topaketa hau garrantzitsua izango da Zigorren ibilbide autodidaktan. Hamalau urterekin doitzaile eta torneatzaile gisa ari zen lanean tailer batean eta biziki ongi ari zen euskal pilotan. Langile eta pilotari gisa barneratu zituen erreflexuek eragina izan dute ondotik bere artista jestuetan, murrutik obrara doan oldar baten gisara.

Frankismo garaian, militantzia urteak bizi izan zituen. Kepa Akixo 16 urterekin osoki engaiatu zen. Testu espiritualen ondotik, Euskal Herri askearen, herriaren eta hizkuntzaren aldeko erresistentzia testuak iritsi ziren. Garai honetan hartu zuen bere artista ezizena, Zigor, eta poesia organiko baten sustraiak kontatzen zituen, zeinetan hauskortasunak, izan naturak, formak edo gizakiak, bere alderik sendoena erakusten zuen.

1970an argitaratu zituen lehen poesia kaierak, euskaraz. Geroztik, urtero argitaratzen segitu du Poesiaren hatsa eta Maiatz aldizkarietan. Bere olerkiak, ibilaldi bakartiak eta haikuak, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez atzeman daitezke.

« Herri bat sortu duen hizkuntza baten semea naiz. Mundua pentsatuz paisaia zizelkatu duen hizkuntza batena. Hizkuntza baten semea naiz, eta hizkuntza horrek forma eman die kantuari, ametsari eta isiltasunari. Oihukatzen dut zuengana irits dadin.» — Zigor

Argazkilaritza eta bidaiak

1977an berriemaile-argazkilari hasi zen aktualitate aldizkari handientzat eta Capa press agentziarentzat. 1982ra arte bidaiatzeko aukera izan zuen, besteak beste, Saharako basamortura. Bizi-esperientzia horiek egitura amankomun batzuei buruz hitz egiten diote: lurra eta hizkuntza. Entzuteko modu sakon horrek eragina du bere begiradan eta argazkietan, intuizio eta dirdira artean. Berriemaile gisa aritu ondotik, urte batzuetan ez zuen bere Leica tresna hunkitu. 2010eko hamarkadan sentitu zuen beharra berriz ere kontenplazio tresna hori hartzeko, aldi honetan modu artistikoan. Orduan, kolorerik ez, distraitzen baitute. Potretak eta paisaiak, zeinetan zuriak eta beltzak luzatzen duten testura poetikoa.

Topaketa eskulturarekin

1983an, Remigio Mendiburu zizelkariak potreta bat eskatu zion eta orduan sartu zen bere Hondarribiko tailerrera. Errebelazio bat izan zen Zigorrentzat eta arte horretan murgiltzea erabaki zuen. Indar eta karga sentsual handia du eskulturak, pentsamendua barnean duen formarena, etengabe nahasia, etengabe berritua. Biarritzen ezarri zuen bere tailerra. Orduan, Zigorren izena Euskal Herriko zizelkari garaikide handienen zerrendan sartu zen: Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Jorge Oteiza… Eskulturaren artea handituz doa eta berezkoa du sorterriarekiko lotura.

Obra eta prozesu artistikoa

Marrazki liburuxkaren garrantzia Zigorren obran

Artistaren marrazki kaierek bere irudimenera sartzeko atea irekitzen digute. Bere lanaren hastapena da. Zirriborroek eta krokisek oraindik sortzeke dagoen obra xuxurlatzen digute, oraindik hezea da, egituratzen ari den sentsazio baten moduan. Hitz batzuk soilik, baina esaldia materiarekin nahastean eratuko da, berantago.

« Marrazkia, pentsamenduaren eta eskuaren arteko bidea seinalatzen duen harri xumea». — Zigor, Marrazkia

Margolana edo jestu baten luzapena

Margolana (akuarela, klera, olioa, urmargoa, akrilikoa edo intxaur tindua), liburuxka gainditzen duen ekintza da, handitasuna hartzeko, batzuetan 3m50-eko oihaletan, irudimenezko frontoi batzuk balira bezala.

« Hemen, jestuak murrua jotzen du eta poesia entzuten dugu eternitatera joaten» — Zigor

 

ZIGOR

Kepa Akixo, ezizenez Zigor (Aretxabaleta, 1947 -) eskultore, argazkilari, margolari eta olerkaria da. Lehen poesia kaierak 1973an argitaratu zituen. 1982ra arte munduan zehar ibili zen berriemaile-argazkilari gisa aldizkari famatu batzuentzat eta Capa prentsa agentziarentzat. 1983an erabaki zuen osoki eskulturara dedikatzea eta laster euskal eskultore garaikide handien zerrendan sartu zen. Zigorren inspirazio-iturria natura da. Naturaren jatorrizko mugimendua berritzen du kaos antolatu bat bailitzan. Bere eskulturek, argazkiek, margolanek eta olerkiek elkarri oihartzun egiten diote eta sustraietatik loturik diren lurraren eta gizateriaren indar arkaiko eta unibertsala sentiarazten digute.

Eskultura

Zigorren obran materia eta elementu anitz atzematen dira, zabalera berarekin: egurra (haritza, platanoa, gaztainondoa, pagoa), brontzea eta altzairua. Iduri du obra bakoitza kasualitatez atxikitzen dela, masa eta mugimenduaren artean, bereizte eta elkartzearen artean, haustura eta orekaren artean. Bolumenen borroka bat da grabitatearen eta espazioaren kontra, elkarrekin nahasten dira eta azkenean beren tokira itzultzen. Zigorren eskulturak «kaos antolatuaren» lekuko dira, ez dute bukaerarik. Lerroak hautsi gabe nahasten dira eta ikuspegi bakoitzetik obra berri bat kontatzen da, haizea, ura edo argia obra zeharkatzera gonbidatuz.

« Zizelkariaren lana argiari bide bat irekitzea da». — Zigor, Zizelkariaren bidea

Batzuetan eraikuntza erraldoiak sortzen dituen konposatzaile telurikoa da. Bere begiradak sotiltasunik sakonena du iturri. Belarra hautsi gabe tolestaraziko duen ur tanta bat, haize guztiak jasango dituzten txori-hegal delikatuak. Zigorren obrak dimentsio espirituala eta identitarioa ditu. «Otoitz egiten dudan bezala zizelkatzen dut», erraten du. Kontzientzia egoera horrek, edertasunaren eta askatasunaren pertzepzioen artean, ezerezaren gatibu den egoera bat ere kontatzen du, poesiak mundua pixka bat alda dezakela sinistuz.

«Eskulturen izalean iluntasuna gordetzen da,
eta iluntasunean misterioaren forma,
eta misterioan forma guztiak.» — Zigor, Eskulturen itzalean

Izigarri txikitik alimalekora

1996an, Paul Haim arte merkataria ezagutu ondotik, Zigor brontzea lantzen hasi zen, materia honen argi jokoaz liluraturik.

«Eskultura batzuetan argia sartu eta ez da sekula berriz ateratzen. Barnean gelditzen da, eternitatearen zulo beltzera joan balitz bezala. Aldiz, beste eskultura batzuetan, argia sartu eta ateratzen da zeharkatu gabe, baina transformaturik. Batzuetan, argia beste aldetik agertzen da, ura mendian bezala».

Zigorrek eskulturak hainbat bildumatan aurki daitezke Euskal Herrian, Espainian, Australian (Sydney), Estatu-Batuetan (Washington eta New York), Suitzan eta Argentinan. Baratze pribatuetan edo espazio publikoetan ikus daitezke, Biarritzen den Urkulu iturrian bezala, uhina nola joaten den ikusten duen arrokaren lekuko. «Eskultura ez da brontzezko pieza, barnean kantatzen duen ura baizik», Zigor, Urkulu. Zigorrek obra totemiko bat sortu du, Euskal Herria osorik bere irudimenean.

« Badu aspaldi inguratzen nauen paisaiak hunkitzen nauela eta munduaren ikuspegi sakonean laguntzen nauela. Zizelkatzen, pintatzen, argazkiak ateratzen edo idazten dudanean, sentimendu hori kontatu, besterik ez dut egiten. Sormenaren ekintzan, nire marrazki liburuxkak izaten dira gehienetan obren iturri. Baina piezak bide misteriotsuetatik iragaten dira, erabilitako medioaren, tresnaren, nire duden eta ausardiaren ondorioz. Ausardia hori beharrezkoa da parean agertzen zaidanak inposatzen didan bidean segitzeko. Istripuak onartzea sortzailearen ekintzaren oinarria da. Akats handia da pentsatzea konponezina hobetu edo konpontzen ahal dudala. Ez dakit zer izanen diren eskulturak edo margolanak. Hasieran bultzatu nauen arnas hori biziarazteko etengabeko saiakera dira.» — Zigor